SARIA
WOP MENDI FILM
SAYED ALISHAH FARHANG
WOP MENDI FILM 2026 SARIA JASOKO DU
WOP Mendi Film Sariaren 13. edizioak 2026ko sariduna iragarri du: Sayed Alishah Farhang, Afganistandik ihesi Alemanian bizi den errefuxiatua eta ‘Champions of the Golden Valley’ filmeko protagonista. Film horrek BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko Sari Nagusia eskuratu zuen iaz.
The Walk On Project Fundazioak eta Mendi Filmek bultzatutako sariak saridunaren gizarte-konpromisoa eta balioen transmisioa aitortzen ditu; izan ere, biak ala biak bikain islatzen dira aipatutako filmean.
ERREFUXIATU AFGANIARRA ETA ‘CHAMPIONS OF THE GOLDEN VALLEY’ FILMA ARRAKASTATSUKO PROTAGONISTA

Sayed Alishah Farhangek bere sorterrian, Bamyanen, mendi-eskiko txapelketa bat antolatu eta sendotzeko ahalegina egin zuen urte luzez. Gatazkek zigortutako gizarte batean, mendia eta eskia, osasuna, aisialdia, zoriontasuna eta genero-berdintasuna sustatzeko tresna bihurtu nahi zituen.
Olinpiar izateko hautagaia behinola, eski entrenatzailea eta mendi-gidaria ere bada. Hamabi urtez Ski Club Bamyan elkartea koordinatu zuen, eta haren baitan antolatzen zen ‘The Afghan Ski Challenge’ txapelketa. Lehiaketa hark jatorri eta etnia askotako parte-hartzaileak biltzen zituen, emakumeen parte-hartzea sustatzen zuen, gazteen artean ilusioa eta etorkizunerako aukerak pizten zituen, eta haraneko haurrei parte-hartzearen, berdintasunaren eta elkartasunaren balioak helarazten zizkien.
Hala ere, 2021ean talibanek Afganistango gobernuaren kontrola eskuratu zutenean, Sayed Alishah Farhangek herrialdea utzi behar izan zuen emaztearekin eta bi seme-alabekin batera. Alemanian bizi dira, erbesteratuta.
Ben Sturgulewskik zuzendutako eta Estatu Batuetan ekoitzitako ‘Champions of the Golden Valley’ filmak istorio hori guztia ikuspegi zinematografiko apartaz kontatzen du. Tribeca jaialdian estreinatu zen 2024an, eta 50 sari baino gehiago irabazi ditu, tartean 2026ko Emmy nazionala kirol dokumental onenaren kategorian eta 2025eko Mendi Film jaialdiko Sari Nagusia. Nazioarteko Batzorde Olinpikoak filmaren eskubideak eskuratu zituen Milango eta Cortinako 2026ko Neguko Olinpiar Jokoen aurretik, eta gaur egun doan ikus daiteke Olympics.com plataforman.





